Uztailaren 24tik 26ra ospatu zen Kursaaleko Terrazetan, Donostiako Jazzaldiak haurrentzat eta haien familientzat prestatutako Txikijazz jaialdia. Hirugarren edizioa zen 2015ekoa eta 7.100 ikus-entzule bildu zituen, hau da, %67 igo zen ikusle kopurua 2014ko edizioarekiko.
Egitarauak –zeina ekainean aurkeztu baitzen ikusmin handiarekin– musikaz eta aktibitatez jositako hiru egun trinko iragartzen zituen: 5 kontzertu izar handien eskutik (3 taldek, Txikijazzen ez ezik, 50. Heineken Jazzaldian ere jo zuten) eta 11 aktibitate didaktiko/parte-hartzaile. Koktel horretatik energiaz betetako eguerdi arteko saioak (10:00etatik 14:00etara) eratu ziren, mota eta adin guztietako ikusleentzat guztiz egokiak.
Jaialdia uztailaren 24an abiatu zen, 10:15ean, Carla Cook agertokira igo zenean blueseko eta jazzeko hainbat pieza klasiko abestera. Artista amerikarrak bere ahotsarekin eta interpretazio dotoreekin markatu zuen giro bikaineko eta ikus-entzulez mukuru betetako kontzertu sail baten hasiera izango zena. Ray Gelato eta Claire Martin swing eta jazzeko izar handiek, ostiral horretan, kontzertu gogoangarria eman zuten, izan ere, C’est si bon pieza estandarra interpretatzean, dantzan hasi ziren, barrez eta bozkarioz, agertoki guztian zehar, Donosti Lindy Hop taldearen dantza-dinamizazioari esker publikoaren artean sortutako giro paregabeak hartaratuta. Lehen eguneko jardunaldia Mr. Patxi Crazylegs DJaren saioarekin amaitu zen, baina musika isildu eta gero ere, eta handik ordubetera, Kursaaleko Terrazek beteta jarraitzen zuten. Eguraldi ona izan zen goiz osoan zehar eta saio musikalen kalitateak eta aktibitate parte-hartzaileek bertan geratzera eta giroaz gozatzen jarraitzera bultzatu zituzten bertaratuak. Bigarren egunerako, antzeko eguraldi-aurreikuspenarekin, itxaropen ezin hobeak zeuden.
Uztailaren 25a, larunbata, hodei artean hasi zen, 11:00etan. Ireki baino lehen, hainbat familia hurbilduta zeuden marko paregabean kokatuta dagoen esparrura. Berehala eratu ziren jende-ilarak puxikak jasotzeko eta aurpegiak margotzeko tailerrean. Kolorez bete zen dena bat-batean. Txikichef, Kafe Botanikak emandako sukaldaritza-tailerra, eguneko ezustekoetako bat izan zen: aktibitate horretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra zegoen, eta itxarote-zerrenda zegoela gauza jakina zen arren, interesatuen emanak txandak hirukoiztera eta ordutegiak luzatzera behartu zituen antolatzaileak. Lehenengo akordeak 11:30 aldera entzun ziren, Lacunza akademiaren Rebeca Aranzadi Jazz-Dantza tailerretik eta Pop’N’Kids-en kontzertua hasi zenerako lekua zeharo beteta zegoen. Eguzkia jada zeruan nagusi zela, familiak jauzika, abesten eta barre-algaraka aritu ziren poparen historiako pieza klasikoekin. Kontzertuak egundoko arrakasta izan zuen eta parte-hartze handiko jardunaldi baten amaiera-ekitaldia izan zen.
Igandeak, 26, amaiera apoteosikoa iragartzen zuen. Fnac Kids Clubak dantzan ipini zituen txikienak 1950eko hamarraldiko dantzekin, 11:00etan hasita. Puxikek eta aurpegi margotuek fantasiaz eta kolorez bete zuten berriro esparrua, eta tomateak eta azenarioak eskutik eskura pasatzen ziren Txikichef tailerrean. Andrea Motis neska gazte talentudunak eman zion amaiera musika-jaialdiari, jazzeko pieza klasikoak interpretatu baitzituen Joan Chamorro Group taldearekin batera. Esan behar da talde horrek parte hartu zuela 50. Heineken Jazzaldian ere. Motisen gaztetasunak berehala erakarri zuen ikusleen arreta eta haren ahotsak eta kantatzeko erak liluratuta utzi zuen entzuleria. Ordu biak laurden gutxiago inguruan isildu zen musika, baina festa-giroa arratsaldera arte luzatu zen. Esparruko ostalaritza-zerbitzuei esker, jende asko bertan geratu zen, etxera joan aurretik. jaialdiak festa-ahogozoa ez ezik, gehiagorako gogoa ere utzi zuen.
Uztailak 24-26, 2015
UZTAILAK 24
10:15
Carla Cook.
Carla Cook (ahotsa), Albert Bover (pianoa), Ignasi González (kontrabaxua), Jo Krause (bateria).
11:30
Ray Gelato & Claire Martin.
Ray Gelato (saxoa, ahotsa), Claire Martin (ahotsa), Seb De Krom (bateria), Dave Newton (pianoa), Dave Whitford (baxua).
11:00 – 11:45
Fnac Kids Club: Birziklatu musika jotzen – FNAC karpa – Frigo Gunea .
12:30 – 13:30
Lacunza Gunea: Dj Mr. Patxi Crazylegs + Donosti Lindy Hop – Zurriolako Terraza – DJ Session.
UZTAILAK 25
11:00 – 14:00
Jolas gunea – Zurriolako Terraza.
11:00 – 14:00
Aurpegi margoketa – Zurriolako Terraza.
11:00 – 11:45
Fnac Kids Club: Zinema eta Jazza – Fnac Karpa – Frigo Gunea.
11:30 – 13:30
Txikitxef : Fruitu-burruntziak eta zukuak – Zurriolako Terraza.
11:30 – 12:15
Lacunza Gunea: Rebeca Aranzadi Dantza-Jazz – Zurriolako Terraza.
12:30
Pop ‘N’ Kids Freddie Mercurio – Iñaki Cerrajería (ahotsa), Angus – Argoitz Aranguren (baxua & koruak), Maikel Jackson – Jorge Sánchez (gitarra), RingoStar – Iván Román (bateria), Stivi Wonder – Álvaro Bazán (pianoa), StarSuperStar – Eneritz García (zeremonia maistra eta ahotsa), Eva Castillo (Arte zuzendaritza).
UZTAILAK 26
11:00 – 14:00
Jolas gunea – Zurriolako Terraza.
11:00 – 14:00
Aurpeg margoketa – Zurriolako Terraza.
11:00 – 11:45
Fnac Kids Club: 50. Hamarkadako dantzak – Fnac Karpa – Frigo Gunea.
11:30 – 13:30
Txikitxef: Koloretako entsaladak – Zurriolako Terraza.
11:30 – 12:15
Lacunza Gunea: Ras Miguel – Zurriolako Terraza.
12:30
Andrea Motis & Joan Chamorro Group. Andrea Motis (ahotsa, tronpeta, saxoa), Joan Chamorro (kontrabaxua, saxoa, ahotsa), Ignasi Terraza (pianoa, teklatuak), Josep Traver (gitarra), Esteve Pi (bateria).