2018ko uztailaren 27tik 29ra bitartean ospatu zen Txikijazza. Edizio honetan, berrikuntza handi bat izan genuen. Laguntzaile berri bat elkartu zen Txikijazzera, Kutxa Kultur Fundazioa eta, harekin batera, fundazioak Tabakaleran duen espazioa. Horrela, ohiko Kursaaleko Terrazetan eskaintzeaz gainera, Kutxa Kultur gunera zabaldu zen, Egiako zigarrogileen eraikineko 4. solairura, alegia. Horri esker, jaialdiaren epizentroa bitan banatu zen eta programarekin bat egiteko puntu berri bat sortu zen. Edizioaren azkenean, 7.200 pertsonak izan zuten harekin gozatzeko aukera.
Aldaketa handi horrek dinamika berri bat ere ekarri zuen: uztailaren 27 eta 29ko jardunaldiak Kursaaleko Terrazetan gauzatu ziren, eta 28an, berriz, Txikijazza Kutxa Kultur gunera lekualdatu zen, oso-osorik. Bi espazioen artean 21 jarduketa eta 6 kontzertu eskaini ziren, eta esan behar da parte-hartze oso handia izan zutela.
Uztailaren 27an, Kursaaleko Terrazetan, Bruce Barth Trio paregabearen kontzertuak eman zion hasiera egunari. Emanaldi aparta izan zen jazza ikasten ari diren belaunaldi berrientzat. Ondoren, Ispirits gipuzkoar taldeak, bere soul eta gospel errepertorioarekin, ikus-entzuleak dantzan jarri zituen. Egun horretan, kontzertuez gainera, haurrek parte hartzeko beste 8 jarduera izan ziren, haien artean Music App nabarmendu zelarik, DJ Makalak emandako tailerra aplikazio digitalen bidez musika sortzen ikasteko.
Uztailaren 28an heldu zen Txikijazza Kutxa Kultur gunera lekualdatzeko txanda. Dena zen berria: A plana eskaintzen zuen espazioa (aire librean, patioan) eta B plana eskaintzen zuena (estalpean, plazan), instalazio berriak, sarbide berriak… Eta, egia esan, guztia nahi bezala atera zen. Bai. Egun horretan euria egin baitzuen. Eta jaialdiaren kokaleku berriari esker, euria ez zen eragozpen izan: estalpeko instalazioek programa guztia barruan gauzatzea ahalbidetu zuten. Egun horretan, Derek Brown zoragarri, dinamiko eta alaiaren “Beatbox sax” ikuskizunak eman zion hasiera egunari, 11:00etan. Ordurako, Kutxa Kultur plaza bete-bete eginda, ikusmin handia zegoen. Musika entzutearekin batera lehertu zen festa. Kanpoan euria ari bazuen ere, barruko giroa atomikoa zen, alaia eta zaratatsua. Saxofoilari maisuaren ondoren, Les Fous etorri ziren, soul eta jazzetik abiatuta, egunerokotasunean oinarritutako hitzekin bere musika-pieza propioak egiten ari den talde gipuzkoarra. Emaitza kontzertu guztiz alaia eta umoretsua izan zen. Eguna, musikari zegokionez, arrakastatsua izan zen. Baina ez zen hor amaitu. Beste 5 dinamikari esker (aurpegi-margotzeak, instrumentu formako paparrekoen sorkuntza, memoria-jokoak, maketen dekorazioa paper ebakiekin eta Music Apps tailerra) egun zoragarria bizi izan zen musikara eta musika-tresnetara modu jostalarian eta ez-formalean hurbiltzeko.
Uztailaren 29an eguzkia irten zen berriro, eta eskerrak, Txikijazza Zurriolara itzuli baitzen. Txikijazz Big Bandaren eguna zen, kide gehiagokoa edizio honetan, urtarrilean egindako entzunaldien ostean. Animatua zirudien egun batean igoko ziren gaztetxoak agertokira. Eguraldi onak eta musikari txikiak ikusi eta entzun nahiak bildu zituen haien hainbat ahaide Kursaaleko Terrazetara, goizeko lehen orduetatik, jaialdiko ohiko ikus-entzuleekin batera.
Andrzej Olejniczak Musikeneko irakasle eta musikariak eta bere bandak inauguratu zuten eguna, Chopin jazzeko erritmoan interpretatzen zutela. Kontzertuaren aire atsegingarriak ikus-entzule helduak erakarri zituen, jazzaren zaleak, eta berehala hartu zuten lekua agertokitik hurbil. Bien bitartean, txikienak musikaren mundura hurbiltzen ahalegintzen ziren 8 jarduerek dinamizatzen zuten terraza. Eguerdian, 12:30ean, iritsi zen Txikijazz Big Bandaren txanda: lehenbiziko aldiz uniformez jantzita, borgoina koloreko kamisetarekin, errenkadan igo ziren agertoki koloretsura. Lau ahotsekin eta hainbat musika-tresna partekatuz, 42 musikariek 12 pieza interpretatu zituzten, eta haien tartean sing-alone bat sartu zuten, ustez jendeak “Bare necessities” —gaztelaniara itzulita— kanta zezan bandarekin batera. Baina pieza hori abesteko ardura zuen abeslari printzipalari ahaztu egin zitzaion jendeari haiekin batera kanta zezaketela gogoratzea (kontzertuaren hasieran orritxo bana eman zitzaien bertaratuei abestiaren hitzekin) eta ikus-entzuleak guztiek kantatzeko zela ohartu zirenerako abestia ia azkenetan zegoen. Zuzeneko ikuskizunen kontuak. Ikus-entzuleek gogotsu txalotu eta animatu zuten banda. Kide guztiak 14 urtez azpikoak ziren eta musikan eta jazzean guztiz murgilduta zeudela antzematen zitzaien. Saritzat, txalo-zaparrada itzela jaso zuen bandak.
Azken batean, kokaleku berri batek markatutako edizioa izan zen: esan behar da harrera bikaina izan zuela eta bere ahalmenaren % 100ean funtzionatu zuela, jarritako itxaropen guztiak gainditu zirelarik. Edizioaren gailurra Txikijazz Big Bandaren arrakastak markatu zuen, fenomeno musikal bat bihurtu baita jada. Donostiako Jazzaldiak arlo honetan dituen bi helburuak betetzen ditu: belaunaldi gazteen artean musika eta jazza zabaltzea eta musikari berriei sostengua ematea. 2016an sortu zenetik, musika eta jazza betierekotzearen alde egindako lanaren eta apustuaren ikurra da Txikijazz Big Banda.
Uztailak 27 – 29, 2018
UZTAILAK 27
Kursaaleko Terrazak
11:00 – 12:00
Bruce Barth Trio: The Grateful Dead Project.
12:30 – 13:30
Ispirits
11:00 – 14:00
“We love music” (aurpegi margoketa). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Musika tresna formako orratzak (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Memoria jolasak (tailerra + jolasa). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Paperezko ebakigarriak (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
11:00 – 12:00 / 13:00 – 14:00
Irakurketa gunea (Fnac Kids Club).
11:30 – 13:30
Frantsesez abesten (Tailerra). (Lacunza gunea).
12:00 – 13:00
Musika eta garapen pertsonala (tailerra). (Fnac Kids Club).
12:30 – 13:30
Music Apps. 9 – 12 urtekoak.
UZTAILAK 28
Kutxa Kultur / Tabakalera
11:00 – 12:00
Derek Brown: Beatbox Sax.
12:30 – 13:30
Les Fous
11:00 – 14:00
“We love music” aurpegi margoketa (Kutxa Fundazioa Gunea).
Musika tresna formako orratzak (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Memoria jolasak (tailerra + jolasa). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Paperezko ebakigarriz maketa apainketa (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
12:30 – 13:30
Music Apps. 6 – 9 urtekoak.
UZTAILAK 28
Kursaaleko Terrazak
11:00 – 12:00
Andrzej Olejniczak Quartet: interpreting Chopin.
12:30 – 13:30
Txikijazz Big Band.
11:00 – 14:00
“We love music” Aurpegi margoketa. (Kutxa Fundazioa Gunea).
Musika tresna formako orratzak (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Memoria jolasak (tailerra + jolasa). (Kutxa Fundazioa Gunea).
Paperezko ebakigarriak (tailerra). (Kutxa Fundazioa Gunea).
11:00 – 12:00 / 13:00 – 14:00
Irakurketa gunea (Fnac Kids Club).
11:30 – 13:30
Koadernaketa–lantegi sortzailea (Lacunza Gunea).
12:00 – 13:00
Dantza eta Garapen Pertsonala (tailerra). (Fnac Kids Club).
12:30 – 13:30
Music Apps. 9 – 12 urtekoak.